ChatGPT, solaskide birtual jaioberria
Igor Leturiak ChatGPTaz jardun du, Administrazioa euskaraz aldizkarian
“ChatGPT, solaskide birtual jaioberria” erreportaje interesgarria argitaratu du Oihana Cabello Elorriagak Administrazioa euskaraz aldizkarian, Orai-ko Igor Leturiaren laguntzarekin. Batere teknizismorik gabe azaltzen dituzte erreportajean ChatGPTaren hainbat gako garrantzitsu.
Leturiaren esanetan, “ulertu behar da ChatGPT ez dela Adimen Artifizial Orokorra (ingelesez AGI, Artificial General Intelligence) deitzen zaiona; hau da, egitateak modu egituratuan barneratu eta horien gainean arrazoitzeko gai den tresna bat, ezta hori lortzeko saiakera bat ere. Finean, probabilitatearen araberako hitz konkatenatzaile bat da soilik: galdera baten edo uneko erantzun zatiaren ondoren datorren hitz sekuentzia probableena ematen du, besterik ez. Baina askotan asmatzen du, handia baita ikasteko eman zaion testu-kopurua”.