Euskarazko zuzentzaile gramatikala adimen artifizial bidez
Muitze Zulaika, Oraiko ikertzailea, bere Master Amaierako lanaren harira elkarrizketatu dute Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrila saioan.
Master Amaierako lana aurkeztu berri du Muitze Zulaikak, “Akats gramatikalak zuzentzen entrenamendu adibide erreal eta sintetikoak uztartuz” izenburukoa. Lan horretan, adimen artifizialaren bitartez euskarazko zuzentzaile gramatikal bat garatzea izan du xede. “Mundu errealeko euskarazko testu edo esaldiak zuzenduko dituen adimen artifizial bat sortzea da helburua, eta, horretarako, datuak ezinbestekoak dira”.
Adimen artifizialaren bitartez lortu nahi den zuzentzaile horretarako ezinbestekoak dira sare neuronala entrenatzeko erabili behar diren hitz eta esaldiak. Zulaikaren hitzetan, beste hizkuntza batzuen aldean euskarak datu falta nabaria du zentzu horretan, baina “beste estrategia batzuk” erabiltzen ditu Oraiko lantaldeak datu falta horri aurre egiteko. Estrategia horietako bat da datu horiek sintetikoki sortzea. Hori lortzeko, datuak zenbait tokitatik jasotzen dituzte, adibidez, euskara ikasten ari diren ikasleen idazlanak, zuzendu gabeak eta irakasleak zuzendutakoak. Adimen artifizialak adibideen bidez ikasten duenez, gaizki eta zuzenduta dauden esaldi-bikoteak ikusi ahala, patroi eta ezaugarri batzuk ikasten joango da, ondoren bere kabuz jakintza hori orokortzeko inoiz ikusi ez dituen esaldietan.