Skip to main content
Orai euskararen eguna
2023 | December 12

Adimen artifiziala euskararen garapenerako giltzarri

Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunean, Donostian izan zen “Batu ditzagun ahotsak, eraldatu dezagun etorkizuna” ekitaldian parte hartu zuen Oraik.

Abenduaren 3an, eta euskararen nazioarteko egunaren ospakizunen barruan, “Batu ditzagun ahotsak, eraldatu dezagun etorkizuna” ekitaldi instituzionala ospatu zen Donostian. Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta beste hainbat erakundetako ordezkariek hartu zuten parte, besteak beste Iñigo Urkullu lehendakariak, eta euskarari aplikatutako adimen artifiziala izan zuen ardatz. Igor Leturiak eta Josu Aztiriak ekitaldiko solasaldi batean parte hartu zuten, Languneko zuzendari Lohitzune Txarolarekin batera, Orai-ri eta Mycroft.eus-i buruz hitz egiteko.

Josu Aztiria adimen artifizialaren arriskuez eta erronkez aritu zen. Oraiko koordinatzailearen ustez, “arrisku handiena geldirik geratzea” da, adimen artifizialak ahalmen handia duelako euskararen garapenaren ikuspegitik. Azpititulazioaren eta hizketa-sintesiaren bidez ikus-entzunezko kopurua “modu masiboan” handitu daitekeela aipatu zuen Aztiriak.

Adimen artifizialak sor ditzakeen mehatxuen harira, gogorarazi du gizakiak irakasten dionetik ikasten duela AAk. Giza hizkuntzaz kodetutako datuetatik ikasten dutenez, “gure alborapenak, desberdintasun sozialak, gizartean dauden arrakalak edota mundu-ikuskera nagusia erreproduzitzen dituzte”, eta, hori dela eta, “teknologiak ikuspegi etikoa izan behar du, modu arduratsuan sortua eta egile-eskubideak errespetatzen dituena”, adierazi zuen.

Igor Leturiak, bestalde, “Mycroft.eus” euskaraz dakien lehen bozgoragailu adimenduna erakutsi zuen ekitaldira hurbildu zen publikoaren aurrean. “Mycroft.eus” software librekoa da, erabiltzaileon pribatutasuna babesten du eta genero ikuspegitik landuta dago. Leturiaren hitzetan “Mycroft.eus merkatuan dauden beste bozgoragailu adimendunak bezalakoa da, baina euskaraz daki”. Bozgoragailu horrek egin ditzakeen ekintzen artean, musika jartzeko eska diezaiokegu, galderak egin edota eguraldiaren iragarpena eskatu. “Mycroft.eus” oraindik prototipo bat dela gogorarazi zuen Leturiak, baina telefonoko aplikazio gisa ere garatzeko asmoa dutela iragarri zuen, “etxean edukitzeaz gain, telefonoan instalatuta dagoen aplikazio bat ere izan daiteke”.

Ahotsak gako

“Mycroft.eus-ek euskaraz gero eta hobeto egin dezan, euskarazko ahalik eta grabazio gehien izan behar ditu”, esan zuen Leturiak. Helburu hori lortzeko modu onena gaitu.eus ekimenaren barruan gure ahotsa ematea litzateke.