Skip to main content
Elhuyar Europa
2024 | February 08

Elhuyarrek Europako Parlamentuan aurkeztu du hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten duen lana

  • Europako Parlamentuaren Estrasburgoko egoitzan egin duen agerraldian, Europako beste hizkuntza gutxiagotu batzuen esku jarri du Elhuyarrek bere esperientzia eta ibilbidea.

 

  • Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak eta Igor Leturia Azkarate Oraiko hizketa-teknologien arduradunak agerraldia izan dute Gutxiengoen Batzordean.

 

  • François Alfonsi Berdeak-Europako Aliantza Librea alderdiko diputatu korsikarrak gonbidatuta izan dira Europako Parlamentuan.

 

Elhuyar Europako Parlamentuan izan da, Orai adimen artifizialeko zentroan egiten duen lana aurkezten. Goizeko 10:00etan egin dute agerraldia Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak eta Igor Leturia Azkarate Oraiko hizketa-teknologien arduradunak Europako Parlamentuko Estrasburgoko egoitzan, Gutxiengoen Batzordean.

François Alfonsi Berdeak-Europako Aliantza Librea alderdiko diputatu korsikarrak gonbidatuta izan dira bertan.

Europako beste hizkuntza gutxiagotu batzuen esku jarri du Elhuyarrek bere esperientzia eta ibilbidea. Hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten duen lanaren berri eman du (Elia itzultzaile automatikoa, Aditu hizketa-ezagutzailea, eta TTS hizketa-sintesiko zerbitzua, besteak beste).

20 urte baino gehiagoko ibilbidea egina du Elhuyarrek alor hauetan, eta aspalditik ohartuta daude horrek guztiak gure hizkuntzaren garapenerako duen garrantziaz. Horregatik eta horretarako sortu zuten duela urte eta erdi Orai, Elhuyarren adimen artifizialerako zentroa. Digitalizazioak euskararen irisgarritasuna eta hedapena errazten ditu, eta euskararena bezala, beste edozein hizkuntzarena ere. “Gizarte digital batean bizi gara, eta eremu digitalean sendo ez den hizkuntza baten etorkizuna oso larria izango da. Hizkuntzen biziberritze-prozesuetan digitalizazioa oso aintzat hartu beharreko elementua da. Horretaz ere ohartuta daude Europako hizkuntza handienak, frantsesa, gaztelania edota alemana kasu, ingelesaren mehatxuak euren hizkuntzei funtzionalitate eta erabiltzaile ugari galtzea ekar baitiezaieke. Are nabarmenagoa da mehatxu hori hizkuntza gutxiagotuentzat”, adierazi du Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak.

Mundu globalizatu honetan, kulturak eta hizkuntzak homogeneizatzeko joera gero eta handiagoa denean, euskara bezalako hizkuntzak Interneten aktiboki agertzeak beste gizarte-eredu bat eraikitzen laguntzen duela azpimarratu du Abrilek, “askotarikoagoa, eta pertsonentzat pentsatua”: “Hizkuntza gutxiagotuen digitalizazioa ez dago soilik komunikazioarekin eta informazioa eskuratzearekin lotuta, baizik eta eragina du kultura-aniztasunean, hazkunde ekonomikoan eta hizkuntzaren etorkizunean”. Ildo horretan, Abrilek aldarrikatu duenez, “euskarak gure sakelako telefonoetan egon behar du; baliagarri izan behar zaigu telefonoarekin eta bestelako edozein gailurekin idatziz zein ahoz komunikatzeko”. Eta beste hau gehitu du: “Merkatuan dauden plataforma digital, telebistako eskaintza, Interneteko eduki eta lantokietako edo auto autonomoetako edozein esparrutan hizkuntza gutxituetan aritzeko eskubidea bermatu behar da. Eta teknologia horiek garatzeko laguntzak behar dituzte hizkuntza gutxiagotuek. Batetik, gure teknologia propioak garatzeko, multinazional handien logiketatik kanpo aritzeko, baina baita gure eduki eta erreferentzia kultural eta linguistiko propioen arabera aritu ahal izateko ere”. Neurri horiek lege-arlokoak eta ekonomikoak izan behar dutela erantsi du Abrilek. Bide beretik, azken hilabeteotan Europako instituzioetan euskararen, katalanaren eta galegoaren ofizialtasuna ezbaian dagoen honetan, “ofizialtasun hori berebizikoa dela” adierazi du Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak.

Igor Leturia Azkarate Oraiko hizketa-teknologien arduradunak, berriz, hizkuntza- eta hizketa-teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten den lanaren inguruan hitz egin du, eta azpimarratu du “euskara beste hizkuntza gutxiagotu asko baino egoera hobean dagoela, badirelako bi hamarkada baino gehiago ikerketari eta garapenari ekin zionetik, hizkuntza ardatz hartuta. Unibertsitateak, ikerketa zentroak, enpresak, teknologia zentroak… hizkuntza-teknologien eremuan ari gara lanean aspaldidanik”. Edozein estrategia digitaletan hizkuntza erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu du Leturiak.

Hizkuntza gutxiagotuetako eragileen arteko lankidetza beharra azpimarratu du Leturiak. “Eragingo badugu, elkarrekin errazago lortuko dugu. Bide bat hasita daukagu Linguatec IA proiektuarekin, Interreg-Poctefa funts europarrekin lagundutakoa. Euskaratik abiatuta, katalana, aragoiera eta okzitanierarentzat ari gara lanean, besteak beste. Eredu hau zabaldu behar dugu, eta metatutako jakintza Europako beste hizkuntza batzuen eskura jarri”, gehitu du Leturiak. Horrelako proiektuak garatzeko dirulaguntza-lerro berezi bat abian jarri beharko luke Europak, Elhuyar eta Oraiko kideen ustetan.