Skip to main content
orai hitz
2024 | October 22

UPV/EHUren Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedrara batu gara

Orain dela gutxi, Euskal Herriko Unibertsitatearen Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedrari atxiki gatzaizkio.

 

Aitzol Astigarraga Pagoaga Orai NLP zentroko koordinatzailearen hitzetan, “Guretzat oso garrantzitsua da katedraren parte izatea, hizkuntzaren teknologien gainean ikertzen jarraitzeko eta soluzioak merkatuko beharretara egokitzeko”.

 

Adimen Artifizialaren Estrategia Nazionalaren (ENIA) barruan kokatzen da UPV/EHUren Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedra; eta estrategia hori, aldi berean, Espainia Digitala 2026 agendaren parte da. Eraldaketa Digitalerako Ministerioak Adimen Artifizialaren ikerketara, dibulgaziora, irakaskuntzara eta berrikuntzara bideratutako unibertsitateko katedrak finantzatzeko deialdian aukeratu zuten HiTZ Katedra. Ministerioak aukeratutako 21 katedren artetik, hizkuntzaren teknologiara bideratutako bakarra da, eta Euskal Herrian garatuko den bakarra. UPV/EHUko Informatika Fakultateko AAri buruzko lau lantaldetako ikertzaileek parte hartzen dute katedran (HiTZ Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroa nabarmendu behar da horien artean), eta Avature enpresak ere bai; enpresa aitzindaria da talentua eskuratzeko eta kudeatzeko teknologiaren arloan. Gainera, katedrak sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatu nahi du hizkuntza teknologiari aplikatutako AAren arloan. 

 

“Adimenaren funtsezko ezaugarrietako bat da hizkuntza naturalaren bidez komunikatzeko gaitasuna. Hizkuntza teknologia Adimen Artifizialaren baitako eremu bat da, eta giza hizkuntza ulertu eta interpretatu dezaketen algoritmoak eta sistemak garatzen ditu, batez ere. Arlo hori iraultza bat sortzen ari da AAren barruan, gizartea aldatzen ari diren aplikazioekin: itzulpen automatikoa, ahots bidezko elkarrizketa sistemak edo sistema sortzaileak, hala nola ChatGPT edo Gemini. Adimen Artifiziala eta Hizkuntzaren Teknologiaren HiTZ Katedrak programa anbiziotsua du Euskal Herriko Unibertsitateak teknologia horretan duen lidergoa indartzeko, atxikitako enpresek AAren arloan dituzten gaitasunak handitzeko eta herrialdea abangoardia teknologikoan kokatzeko”, nabarmendu du Aitor Soroak, katedraren zuzendariak.