Skip to main content
ASKHEZI
2022 | Urria 04

ASKHEZI: euskararako diktaketa sistema berria garatuko da desgaitasuna duten haurren eskolatzea errazteko

  • Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Sortzen Elkarteak aurkeztutako proiektuak ‘Euroeskualdeko hiritartasuna’ deialdiko dirulaguntza jasoko du.
  • Diktaketa sistema berriak aukera emango du idazlanak ordenagailuari hitz eginez idazteko eta zuzentzeko.
  • Orai NLP Teknologiak arduratuko da garapen teknologikoaz.

 

Urriak 4, asteartea.- Hizkuntza eta ahots teknologiak oso baliagarriak dira hezkuntzaren munduan ikasle guztien inklusibitatea lortzeko bidean. Ikastetxeetako egunerokoan erabiltzen diren sistema eragileek, ofimatika programek edo onlineko zerbitzu gehienek hizketaren sorkuntza, itzulpen automatikoa eta ahotsaren ezagutza automatikoko sistemak integratuta dituzte. Baina horietako gehienak ez dira euskaraz erabilgarriak eta hobekuntza teknologiko nabarmena behar dute.

Azken urteetan, LANGUNEko (Hizkuntzen Industriaren Elkartea) kide diren hainbat erakunde eta ikerketa zentrok —horien artean Orai NLP Teknologiak— lan handia egin dute hizkuntza eta hizketa teknologietan: Irakurle Digitala, Elia.eus, Aditu.eus... Hala ere, sistema hauek bi hutsune nagusi dituzte desgaitasunak dituzten ikasleek erabiltzerakoan. Alde batetik, ez daude haurren ahotsekin funtzionatzeko prestatuta eta horren ondorioz akats asko agertzen dira transkribatutako testuetan. Bestalde, ez dute transkripzioan agertzen diren akatsak hizketaz zuzentzeko aukerarik eskaintzen.

Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Sortzen Elkarteak, Languneren aholkularitzarekin batera, eta Orai NLPren gaitasun teknologikoari esker, desgaitasunak dituzten haurren euskarazko ikasketa prozesuan oso baliagarria izango den  euskarazko ahots diktaketako sistema bat garatuko dute. Horrenbestez, ASKHEZI (Hezkuntza Irisgarria Ikasleei Egokitutako Hizketa Ezagutzaile Aurreratuen Bidez) proiektuaren bidez idazlanak ordenagailuari hitz eginez idatzi eta zuzendu ahal izango dituzte. Horretarako, haurren ahotsen grabaketak egingo dira Orai NLP Teknologiak langunearen hizketa ezagutzako sistema ikasleen ahotsekin trebatzeko, eta, plataforma baten bidez, diktaketarako funtzionalitate gehigarriak izango dituzte, zuzenketak ere ahotsez egin ahal izateko.

Ahotsen grabaketak urrian hasiko dira EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko hainbat ikastola eta eskola publikotan. Proiektua osorik aurrera eramateko lantaldeak bi urteko lana aurreikusi du. Hala ere, identifikatuta dauzkaten hainbat haurren beharrei erantzuna emango zaie lehenbailehen, proiektua guztiz amaitu baino lehen, hizketa sintesiko teknologia baliatuta.

Eragileek “Euroeskualdeko hiritartasuna” proiektu-deialdiak emandako diru laguntza jasoko dute ASKHEZI martxan jartzeko. Deialdiak kultura, hezkuntza eta gazteria, eleaniztasuna eta gizarte erronka gaiei buruzko proiektuak eta aktoreak finantzatzea ahalbidetzen du. Euroeskualdearen ustez, ASKHEZI gizarte erronkei aurre egiteko tresna garrantzitsua izango da. 

Laguntzaile adimendunak
Hizketaren ezagutza

Azken postak