Orairen ikerketa eta garapenari esker, 6 hizkuntzatan eskaintzen dira Elhuyarren zerbitzuak gaur egun
Elhuyarren teknologiek 6 hizkuntzatan itzultzeko, azpititulatzeko, transkribatzeko eta testuak ahots bihurtzeko aukera ematen dute.
Elia itzultzaile automatikoa, Aditu ahotsa testu bihurtzen duen tresna eta TTS ahotsak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz erabil daitezke, Orairen ikerketa eta garapenari esker.
Elia itzultzaile neuronalaren bidez, testu soilaz gain, dokumentu formatudunak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke. Horrez gain, itzulpenak pertsonalizatzeko aukera du. Hiztegi pertsonalizatu bat gehitu diezaiokezu, hitz edo esaldi batzuk zuk nahi bezala itzul ditzan beti. Eliak TTS ahotsak integratuak ditu; ondorioz, testu bat itzultzeko eskatzeaz gain, irakurtzeko ere agindu diezaiokegu.
Aditu plataformak automatikoki prozesatzen ditu aurrez grabatutako audio- eta bideo-fitxategiak, eta haien transkribapenak eta azpitituluak sortzen ditu. Automatikoki sortutako emaitza hori webgunean bertan editatu dezake erabiltzaileak, horretarako espresuki prestatutako edizio-interfazean. Gainera, Elia itzultzaile automatikoa integratua duenez, webgunean bertan itzul daitezke transkripzioak eta azpitituluak 6 hizkuntzatara. Aditu eremu askotan aplika daiteke: ikus-entzunezkoen eta hedabideen sektorean edukia azpititulatzeko, itzultzeko eta edukiari irisgarritasuna emateko; administrazio publikoan, udaletan eta, oro har, bileretan, aktak modu errazean idatziz jasotzeko; industrian, makinen eta pertsonen arteko elkarrekintzak ahots bidez egiteko…
TTS neuronala testua ahots bihurtzen duen sistema da. TTS ahots horiek erabiltzeko hainbat aukera daude: ttsneuronala.elhuyar.eus webguneko kutxa erabilita, webguneetan barra irakurlea txertatuta nahiz REST API bidezko integrazioak eginda. Ahots automatikoak, egiazkoak diruditen arren, adimen artifizialean oinarritutako teknologiaren bidez sortutakoak dira. Sei hizkuntzatan erabili ahal izango da, eta, horrela, erabiltzaileek eduki zehatzak zein testu solteak automatikoki ahots bihurtzeko aukera zabalagoa izango dute.
Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako itzultzaile automatikoak, ahotsa testu bihurtzen duten tresnak eta ahots automatikoak punta-puntako teknologia erabiltzen dute, etengabe eguneratzen den teknologia. Konfidentzialtasuna eta segurtasuna ere bereziki zaintzen dituzte, eduki guztiak modu konfidentzialean tratatzen baitira.
Orairen eskutik garatu da teknologia
Teknologia horietaz gain, hainbat ikerketa-ildo ditu zabalik Oraik: ingurune zaratatsuetarako hizketaren ezagutza; hizkuntza-eredu neuronal arinak eta industriaren beharretara egokitzen diren zehaztasun handiko hizkuntza-teknologia eskalagarriak, besteak beste. Hizkuntza ugari ditu langai: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana, okzitaniera, aragoiera, galegoa…