Skip to main content
Azpidatziak Hamaika TB
2023 | Otsaila 28

Hamaika Telebistak azpidatziak martxan jarri ditu adimen artifiziala baliatuz

  • Hamaika Telebista ahotsa azpidatzi moduan ematen hasi da bere web orrian, Orai NLP Teknologiak langunearekin elkarlanean.
  • Duela aste batzuk dago martxan eta frogatuta: adimen artifiziala baliatuz, bideoetan esandako hitzak azpititulu bihurtuko dira hemendik aurrera www.Hamaika.eus webgunean.

 

Gaur bertan egin da egitasmoaren aurkezpena Hamaika-k egoitza duen Donostiako PIA eraikinean. Bertan parte hartu dute Hamaikatik Maddi Mochales berrikuntza eta teknika arduradunak eta Iñaki Uria zuzendari nagusiak; Orai NLP-tik, Igor Leturia eta Iñigo Morcillo garatzaileak eta Josu Aztiria zuzendariak. 

Proiektu berri honek helburu bikoitza du bere baitan: audio bidez albistea jarraitu ezin duenari atea zabaltzea, eta euskara ikasten ari denari albistea jarraitzeko eta euskaraz trebatzeko tresna berria eskura jartzea.

Lehen urrats batean, Hamaika-ko albisteetako off ahotsa eta protagonisten hitzak ageriko dira azpidatzita, webguneko Gurean Gaur ataleko ekoizpenetan zehazki. Nolanahi ere, aurreikusita dago sistema webguneko zuzenekoetan edota ohiko telebistako zuzenekoetan ere aktibatzea. Urratsez urrats, aurrez grabatutako saioetan ez ezik, eduki gehiagotan ere azpidatziak eskaintzeko joera lantzen jardungo du batetik, eta beste hizkuntzetan daudenak euskarara ekartzen ere bai bestetik.

Orai NLP Teknologiak adimen artifizialeko languneak garatu du transkribapen eta azpidatzi automatikoak egiteko soluzio teknologiko adimenduna, hizketa-ezagutza automatiko bidezkoa. Inplementazioa, berriz, KAM telekomunikazio enpresak egin du.

Hamaikaren eta Orairen ordezkariek Heraldabide eta Hiekadi proiektuen emaitza gisa aurkeztu dute egitasmoa. Euskadi–Akitania Berria–Nafarroa euroeskualdearen "Hiritartasuna" deialdiaren eta HAZITEK 2020 eta 2021 deialdien laguntza izan dute, eta, horrenbestez, Euroeskualdearen eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntza eta babesa eskertu dute.

Etorkizunera begira, hainbat erronka ditu Hamaikak Orai NPL-rekin lankidetzan garatzeko. Hamaika Telebistaren eraldaketa digitala bultzatzeko eta adimen artifizialeko beste hainbat teknologia aplikatzeko, bi erakundeek bide-orri teknologiko bat garatuko dute, elkarlanean jarraitzeko asmotan. Hainbat aukera jarri nahi dituzte martxan, hala nola elkarrizketak azpitituluetara ekartzea, euskalkietan egiten diren hitzartzeak azpitituluetara ekartzea, azpitituluak beste hizkuntza batzuetara itzultzea, audioa beste hizkuntza batzuetan ere sortzea, beste hizkuntza batzuetakoa euskarara automatikoki bikoiztea, testuetatik hitz-gakoak erauztea edota laburpen automatikoak egitea.

Prozesuan zehar egindako lanaren inguruan luze eta zabal aritu dira Oraiko Hizketa-teknologien arduradun Igor Leturia eta Hamaika telebistako Berrikuntza- eta teknika-arduradun Maddi Mochales Euskadi irratiko Norteko Ferrokarrilla irratsaioan.

 

 

Transkripzio eta azpititulazio automatikoa

Azken postak