Skip to main content
Cogile
2023 | Apirila 18

Pertsonen eta makinen arteko lankidetzak lantegi adimendunera hurbiltzen gaitu

  • COGILE proiektua bektore hauetan ardaztu da: giza faktorea eta 4.0 langilearentzako laguntza lan-bizitza osoan.
  • Orai NLP Teknologiak languneak elkarrizketa-eragileekin, testu-meatzaritzarekin eta hizketa-teknologiekin lotutako ikerketa jarri du lantegi adimendunaren zerbitzura.

 

TECNALIA, TEKNIKER, VICOMTECH, Orai NLP Teknologiak eta MONDRAGÓN ESKOLA POLITEKNIKOA (MU-EPS) zentro teknologikoetako ingeniaritzako eta teknologiako aditu batzuek, lankidetzan, COGILE proiektua gauzatu dute. Ikerketa- eta garapen-proiektu horren helburua da teknologia erraztaileak garatzea etorkizuneko lantegietan langileen eta sistema adimendunen artean lankidetza eraginkorra bultzatzeko.

Garapen horren helburua da lankidetza-inguruneetara bidean pausoak ematea, non pertsonak eta makinak gai izango baitira industria-instalazioetan batera lan egiteko, beren gaitasun fisikoetara, zentzumen-beharretara eta gaitasun kognitiboetara egokituz, teknologiak ematen dien guztia ahalik eta gehiena erabiliz lan egin dezaten.

Ikerketa- eta garapen-taldeak kontraste-batzorde batekin aztertu ahal izan ditu aurrerapenak eta aplikazioak. Industria-sektoreko, automatizazio-ingeniaritzako eta teknologia-ingeniaritzako enpresa batzuek eta informazio-sistemen hornitzaile batzuek osatzen dute batzorde hori, zeinak bermatu baitu etorkizunean merkatura hurbilduko dela. Batzordeari esker, enpresetarako tresna eraginkor eta praktiko bat sortzera bideratu dira garapenak.

Ardatz teknologikoen bidez, hala nola errealitate birtualeko eta errealitate areagotuko simulazioa, eta langileak sisteman duen konfiantzaren monitorizazioaren, egokitze-interfazeen eta elkarrizketa-agenteen bidez, industria-sistema adimendunak langilearengana egokitu nahi izan dira, eta pertsona automatizazioaren erdigunean jarri.

Azken emaitza bi erakusle edo erabilera-kasu dira. Lehenengo kasuan, mekanizazio-lanetan errealitate birtuala baliatzen duten prestakuntza-agertokiak aztertu dira. Zehazki, murgiltze-ereduaren bidez, mekanizazioaren eskuzko kontrola simulatzen da erremintaren mugimenduekin eta interakzioarekin, errealitate mistoa erabilita (pertsonak bere eskuak ikus ditzake, eta elementu birtual bat ukitzearen sentsazioa sentitu). Horrez gain, ahots bidezko laguntzaile birtual bat ere sartu da sisteman, operazioari buruzko zalantzaren bat dagoenean erantzunak ematen dituena. Bigarren kasuan, elkarlaneko ikuskaritzara/muntaketara bideratua, errealitate mistoa eta ahots bidezko aginduak erabiltzen dira. Kasu horretan, pertsona batek hegazkin-aleroi baten zati batean lan egiten du, eta, ingurune mistotik, robotaren ekintzak programatzen ditu; hala, ekintza horiek gauzatu baino lehen ikus ditzake, eta ahots bidez berrets ditzake. Hala, ikuskatze-lanak elkarlanean eta elkarreragin multimodal baten bidez egiteko helburua lortzen da.

Bi aldiz balidatu eta baliozkotu da. Alde batetik, prestakuntza-munduan, MU-EPSko irakasle eta ikasleekin; bestetik, martxoaren 24an, RPK, Fagor Automation eta Iruña Technologies enpresekin egindako azken kontrastearen bidez.

Elkartek programari esker egin da ikerketa-proiektu hau, eta printzipio teknologiko bat ezartzen du, ibilbide zabala duena industria-enpresen behar espezifikoetara egokitzeko, modu efiziente eta eraginkorragoan lan egiteko. Hau da, langileen bizi-kalitatea hobetzea, haien ongizatea eta produktibitatea handituz. Era berean, proiektu hau aurrerapen handia da industrian, eta, bereziki, pertsonen prestakuntzan eta lantokiko lanean; izan ere, aukera emango du teknologia pertsonen beharretara egokitzeko, langileak teknologiara egokitzera behartu beharrean.

Azken postak