Skip to main content
orai urria azaroa
2024 | Abendua 03

Urriak eta azaroak eman dituztenak

Urria eta azaroa hilabete emankorrak izan dira Orairentzat bere lanaren hedapenari dagokionez. Zentroko kideek hainbat ekitalditan parte hartu dute, egunez egun egiten dugun lana ezagutzera emateko.

Aitzol Astigarraga Oraiko koordinatzaileak Bai Euskarari Elkarteak antolatutako ‘Adimen artifiziala, (u)topikorik gabe’ jardunaldian parte hartu du, ZIUReko zuzendari Maria Penillarekin eta EHUko Zuzenbide Zibileko irakasle Itziar Alkortarekin batera, ‘Zein dira adimen artifizialaren mugak?’ solasaldian.

European Language Equality Network (ELEN) erakundearen 2024ko Batzar Orokorra izan da Bilbon, eta bertan izan da Astigarraga 'Digitalizazioa eta hizkuntza gutxituak' solasaldian.

Network to Promote Linguistic Diversity (NPLD) erakundeak ‘Coppieters 2024’ batzarra antolatu du Bartzelonan hizkuntza gutxituek adimen artifizialaren hazkundeari onura nola atera diezaioketen aztertzeko. Aitzol Astigarraga bertan izan da 'Cooperation in the development of technology for minoritized languages' hitzaldiarekin, ‘Applied experiences across Europe’ sailean. Hizkuntza gutxituentzat baliagarri diren teknologien garapenerako Oraik duen ezagutzaz aritu da.

Igor Leturia Oraiko hizketa-teknologien arduradunak ere izan du Orairen lanaren berri emateko aukera. Euskarabilduak antolatutako ‘Artifiziala ez den teknologia’ jardunaldian izan da Leturia, ‘Common Voice. Euskarazko ahots teknologiaren bilakaera' mahai-inguruan. Gorka Varela Vicomtech-eko Transferentzia Teknologikoko arduradunak, Jon Sanchez EHUko Hitz Hizkuntza Teknologiako Zentroko Aholab-eko kideak eta Xabier Ezpeleta Tknika-ko informatikariak osatu dute hizketaldia.

Leturia bera Gasteizen izan da ‘Hizkuntzei aplikatutako adimen artifiziala eta euskara’ hitzaldia ematen. Izaskun Arrue Kulturguneko saioan, Leturiak adimen artifizialak eta hizkuntza- eta hizketa-teknologiek nola funtzionatzen duten azaldu die bertara gerturatu direnei.

Linguatec IA Europako proiektuaren aurrerapen-maila eguneratu eta ekintza-plana koordinatzeko bilera izan da Pauen, eta bertan izan dira Leturia eta Astigarraga. Linguatec-IA Poctefa deialdiko proiektu bat da, aragoiera, euskara, okzitaniera eta katalana adimen artifizialaren laguntzaz digitalizatzea helburu duena.

Future Media Hubs, ikus-entzunezko komunikabideen sare europarra, urteko bilera egin du Bilbon.

Erakundeak Europar Batasunaren bermea du, eta, bileran, Berrikuntza teknologikoko eta Datako aurrerapen eta proiektu garrantzitsuenak azaldu dira. Future Media Hubs-ek berrikuntza du ardatz, lankidetzaren eta ezagutza trukearen bidez. Sarearen helburu nagusia  da komunikabideen industriaren eta bertako ekosistemen garapena bizkortzea, komunikabide publiko eta komertzialen  arteko elkarketak erraztuz.

Europako Future Media Hubs-eko kideek eta euskal enpresa eta erakundeek hizkuntza gutxituei lotutako AAren erronkak azaltzeko aukera izan dute. Aitzol Astigarraga eta Igor Leturia bertan dira Orai-ren lanak aurkezten.

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) ‘Informatikari Euskaldunen Bilkuraren (IEB)’ XIII.edizioa antolatu du Donostian, eta ORAIko kide askok hartu dute parte han. Ander Corral ORAIk LLMak euskaratzeko egin duen ibilbideaz aritu da ‘LLMetatik aplikazioetara: testua osatzetik aginduak jarraitzera’ hitzaldian. Bestalde, Oihane Canterok ‘Hizkuntza-eredu handiei bertako ezagutza irakasten. Euskal Herriko ezagutzaren kasua’ ikerketaren berri eman du, eta Muitze Zulaikak ‘Euskarazko akats gramatikalak zuzentzen entrenamendu-adibide erreal eta sintetikoak uztartuz’ ikerketa aurkeztu du.

Bilboko Euskalduna Jauregian antolatutako DOK Summit ekitaldian parte hartu du Xabier Saralegi NLP teknologien arduradunak MARKAI plataforma aurkezten. SORLAND komunikazio-agentziarekin batera egin du proiektua Oraik, eta haren helburua da hedabide digitaletan enpresen eta erakundeen marka-ospea denbora errealean monitorizatzea adimen artifiziala erabiliz.